2015/11/07

2015-2016 IKASTURTEKO ESKOLA KIROL PLANA

2015-2016 ikasturte berri honetan eskola kiroleko mundua inoiz baino kirol gehiagorekin datorkigu. Aurten aldaketa txiki batzuk daude larunbat batzuetan: betiko talde kirolen ordez, egun horietan, beste kirol batzuk egongo dira soilik (mendiko irteerak, mahai tenisa eta atletismoa). Ordutegi barruan zein kanpoan, gure ikasleek kirola egiteko aukera zabala eta anitza izango dute. Animo eta lagunekin batera parte hartu eta ondo pasa!

2015/10/04

ZARAUTZ-ZUMAIA MENDI IRTEERA 2015-10-03

Aurten, Eskola Kiroleko egitarauaren barruan, beste kirol batzuk bultzatzeko asmoarekin, aldaketa txiki batzuk egon dira. Horietako bat, joan zen larunbatean (urriak 3)izan zen. Eguraldi ezin hobearekin eta partaidetza handiarekin, Inda Mendi Mendi Bazkunak antolatuta Zarautz-Zumaia mendi ibilbidea egin genuen. Itsas-bazterra alde batean eta Inda Mendi eta Izarraitz bestean, mahasti artean, naturarekin gozatzeko une aproposa izan zen.Prest hurrengorako!

2015/06/23

PIRAGUISMOA 4. MAILA 2014-2015

Ekainean, Urola ibaia, 4. mailako piraguekin zipriztinduta egon da. Gorputz Hezkuntzako bi saioetan eta Xabier Centenoren gidaritzapean, hor ibili dira piragua zuzendu nahian eta ibaia zeharkatu asmotan. Batzuentzat, lehen aldia izan da eta nahiko izan dute beldurrak uxatu eta piragua zuzen eramaten. Beste batzuentzat, aurreko udan ikasitakoa gogoratu eta hobetzeko baliagarria izan da. Guztiek, primeran pasatu dute! Animatu gehiago udan!

2015/06/06

ATLETISMOA 2014-2015

Apirilaren 25ean, maiatzaren 9 eta 16an, Iraetako futbol zelaian Atletismoko topaketak izan ziren. Kirol honetako proba ezberdinak ezagutu eta praktikatzeko aukera izan zuten gure ikasleek: jabalina jaurtiketa, pisu jaurtiketa, hesi lasterketa, erresistentzia lasterketa, abiadura lasterketa, eta altuera jausia. Nahiz eta kategoria bakoitzean irabazleak izan, guretzat denek merezi dute ohore hori, jartzen duten ahalegina kontuan izanik. Zorionak!

TXIRRINDULARITZA. ARRITOKIETAKO IGOERA 2014-2015

Maiatzaren 30ean, Zumaiako Kirol Patronatuak, Zumaiako Txirrindulari Elkarteak eta Sastraka Mendiko Bizikleta Elkarteak antolatuta "Arritokieta igoera" izan zen. Baina ez zen igoerara mugatu bakarrik, benjaminentzat, Beheko Plazan, ginkana antolatu zen, bizikletaren teknika hobetzeko; eta ondoren Algorrira irteera gidatua izan zuten. Alebinek, Beheko Plazatik Arritokietara joan ziren. Eta alebinetik gora Elorrixara joateko aukera izan zuten. Hau dena giro ezin hobean, guztiek oroigarri bat jaso zuten eta egun aproposa izan zen lagun artean bizikletarekin gozatzeko. Horra hor parte hartzaileen argazkiak.

IGERIKETA 2014-2015 1. MAILA

Maiatzean zehar Lubaki kiroldegiko igerilekua arrain txikiz bete da. Hasiberriak izanik, hor ibili dira, bakoitzak dauzkan beldurrak gainditu eta igerian ikasten. Ikastaroko lehen egunean ikusi edo azken astean ikusi, aurrera-pausu handiak egin dituzte denak: hasierako txipli-txaplak mugimendu koordinatuak bilakatu dira, arnasketan ere aurrera egin dute, ausardian eta autonomian; eta batez ere elkarrekin konpartitu dituzte une horiek. Animo eta datorren ikasturtean hobeto!

2015/05/13

AKROSPORT 5. MAILA 2014-2015

Akrosport edo koreografia akrobatikoak kirola da Europa mailan, nahiz eta hemen nahiko ezezaguna izan eta Gorputz-Hezkuntzako klaseetan erabili bakarrik. Oreka lantzeaz gain, talde lana oso garrantzitsua da, batak (zamariak), bestea (arina) eutsi behar duelako. Beraz aukera ezin hobea dute gure ikasleek lankidetzan aritzeaz gain, ondo pasatu  eta sormena erabilita horrelako irudi akrobatiko eta beste batzuk eraikitzeko.

2015/03/25

ESKALADA 5. MAILA 2014-2015

Martxoaren 4, 5 eta 6an 5. mailako ikasleak Oriora joan ziren hango kiroldegian eskalatzen aritzeko. Mendi Federazioko teknikariek gidatuta, era seguruan horma gora nola ibili ikasi zuten: nola heldu, oinarrizko korapiloak ikasi…

IGERIKETA 3. MAILA 2014-2015

3. mailako ikasleentzat aurtengoa izanda igeriketako azken urtea Igeriketako kanpainaren barruan. Hiru ikasturteetan zehar izugarriazko aldaketa garatzen dute: ikasle bera orain edo lehen urtean ikusi zeharo ezberdina da igeriketan. Batzuek hasierako beldurra gainditu, eta gai dira igerian egiteko arnasketa kontrolatuta; beste batzuek esku-hanka eta arnasketa koordinazioa barneratu dute; eta badaude ere, lehen zituzten gaitasunak trebatu dituztenak. Beraz, gehienek oinarrizkoa menperatuta bukatu dute. Hemendik aurrera bakoitzak lan egin behar du dakiena hobetzeko. Eskerrak eman nahi dizkiogu kiroldegiko igeriketako irakasleei, beraien jarduna eta pazientziagatik.

2015/03/24

IBILALDI NEURTUA 2015 AZPEITIA

Martxoaren 8an izan zen Azpeitian. Eguraldi zoragarriaren laguntzarekin eta koadrila giroan, Herri Eskolako 45 haurrek eta 25 gurasok parte hartu zuten Azpeiti inguruko mendi bueltatxoan. Azkenean sari polita ere jaso zuten: mendiko lepokoa.

2015/03/23

TXURI URDIN 3. MAILA 2014-2015

Martxoaren 5ean 3.mailako ikasleak Txuri Urdinera joan ziren izotz-irristaketan lehen ikastaroa jasotzera. Trenean bidaia egin ondoren, tren aldaketa eta guzti Anoetara iristeko, 10:30ean izotz-jauregira sartu eta 12ak arte han ibili ziren batzuk oreka mantendu nahian, besteak tarteka lurrean, eta beste batzuk dotore irristatzen, maila guztietakoak baitaude (baita lehen aldiz izoztz-jauregia zapaltzen zutenak ere). Txuri Urdineko monitoreen ardurapean, hainbat ariketa egiten eta jolasten ibili ziren. Bazkaldu eta gero, Amarako parkean ibili ziren jolasten trena hartzeko sasoia iritsi arte. Egun ahaztezina, irristatzeaz gain, elkarrekin jolasten eta laguneen artean ongi pasatzeko.