2014/12/17

IGERIKETA 2. MAILA 2014-2015

Ez dira arrain makalak! Iaz hasi igeriketako ikastaroan eta aurten ikusten duzue, argazkietan, nola dabiltzan: zein erraztasunekin moldatzen diren uretan, nolako ziurtasuna irabazi duten (beldurrak uxatuta), eta nola hobetu duten beraien autoestimua egin duten aurrerapenarekin lagun artean. Datorren ikasturtean azken ikastaroa izango dute, eta denek igeriketako oinarrizko trebetasunak lortuko dituzte: flotatzen, arnasa hartzen, eta beso-hankak era egokian koordinatzen.

2014/06/22

URPEKARITZA 6. MAILA 2013-2014

Ekaina iristen denean, 6. mailakoek badakite Lubaki igerilekuan hitzordua daukatela herriko urpekaritzako taldekoekin. Aurten ere, ekainaren 4an, 5ean eta 6an, aukera ezin hobea izan dute kirol honen oinarrizko teknika eta trebetasunak ikasi eta lantzeko argazkietan ikusten den bezala: urpean ibiltzeko materialari buruzko azalpenak, uretan materialarekin ibiltzen ohitzea, aire konprimituzko tresnei buruzko azalpena: segurtasun arauak, eta tresna horiekin uretan sartzea. Primeran pasa zuten!

2014/06/07

AKROSPORT: 5 eta 6. MAILAK 2013-2014

Izen horrekin batek baino gehiagok galdetuko duzue zer den Akrosport? Hitzekin azalduta esan genezake koreografia akrobatikoak direla; baina inor ikaratu gabe, eta zer den irudietan ikusteko hor doakizue aurten 5. eta 6. mailako ikasleekin egindako akrosport argazkien sorta. "Kirol" honetan figurak egiteaz gain, oso garrantzitsua izaten da talde lana, bakoitzak bere "papera" onartu eta betetzea taldearen onurako.

PIRAGUISMOA: 4. MAILA 2013-2014

Ohitura onak ez direla galdu behar, eta aurten ere iaz hasitako eskola kiroleko egitarauari eutsita 4. mailako ikasleekin Gorputz Hezkuntzako orduetan piraguismoko 2 saio egiteko aukera izan dugu.
Josu Ansola ikasle ohia eta piraguismoko monitorea hor ibili da gure ikasleei piraguaren mundu zoragarri eta erakargarri hau hurbiltzen: nola heldu pala, piraguaren zatiak zeintzuk diren, segurtasun neurrien garrantzia... eta hau dena praktikan jarrita Urola ibaian zehar. Eskerrik asko eta datorren ikasturtea arte.

2014/03/24

IBILALDI NEURTUA 2014-3-9

Martxoaren 9an izan zen Azkoitian. Eguraldi zoragarriaren laguntzarekin eta koadrila giroan, Herri Eskolako 50 haurrek partu hartu zuten Kakuta-Xoxote magaletan egin zen bueltatxoan. Azkenean sari polita ere jaso zuten: mendiko lepokoa.

2014/03/20

IGERIKETA 4. MAILA 2013-2014

4. mailakoentzat hau izan da azken igeriketa kanpaina. Otsailaren erdian hasi eta martxoaren erdi arte, hor ibili dira txipli-txapla aurreko urteetan ikasitakoa sakontzen eta trebetasun berriak ikasten. 4 urteetan zehar, ikasturte bakoitzean 20 egun jarraian kiroldegira joaten ibili dira, eta hain oinarrizkoa eta beharrezkoa den trebetasuna ikasi eta hobetzen jardun dute Udaletxearen eta Foru Aldundiaren laguntzari esker. Eskertu behar ere, nola ez! ikasle guztien igeriketako teknikariei, izan duten pazientziagatik eta erakutsi diguten guztiagatik. Eskerrik asko!

2014/02/25

ESKALADA 5. MAILA 2013-2014

Martxoa iristearekin batera Zumaiako Herri Eskolako 5. mailako ikasleek eskaladarekin hitzordua edukitzen dute urtero. Aurten ere, martxoaren 19, 20 eta 21ean goizak Orioko Karela kiroldegian ibili ziren hormak gora eta behera, beti ere zintzilika eta Mendiko Federazioko begiraleen ardurapean. Kirol bitxi eta zirraragarri honi hurbilketa baino besterik ez da izan, baina argazkietan ikusten den moduan oso ondo pasatu zuten.