2024/03/03

Ibilaldi neurtua Zarautzen

 Gaur Zarauzko ibilaldi neurtuan izan gara Zumaiako Herri Eskolako haur eta gurasoak. Oso eguraldi txarra iragarrita zegoen eta izena emanda zuten partaide batzuek atzera egin dute, baina beste batzuek, goizean jaiki, mendiko arropa egokiak jantzi eta ibilaldia egitea erabaki dute.

Lokats ugari topatu dugu ibilbidean zehar, baina haurrentzat irristaketa festa izan da gaurkoa, oso dibertigarria. Euri tanta gutxi batzuk egin dizkigu eta eguzkia ere atera zaigu. Ez genuen uste eguraldia lagun izango genuenik, baina elkarrekin mendi bueltan gozatzeko aukera eman digu.



2024/02/10

Eskalada 23-24

Jarduera erakargarri hau egitera joan gara aurten ere 5. mailakoak. Batzuk Orioko rokodromora eta besteak Elgoibarrera. Bakoitzak ditugun beldurrak, mugak eta gaitasunak ezagutzeko eta gainditzeko aukera ezin hobea eskaini digu ekintza honek.

A zer zortea horrelako kirol erakargarri bat probatu izana!! 


2023/12/24

Psikomotrizitatea 23-24 ikasturtean



 Aurten, 1. eta 2. mailan 3 ordu ditugu Heziketa Fisikoan. Orain arte 2 ordu eskaintzen genizkion eta aurten ordutegia zabaltzeko aukera eman digu hezkuntzak. Hau honela izanik, 1. mailan,  Haur Hezkuntzan egiten den psikomotrizitatearekin jarraitzeko aukera izango dugu ikasturtean zehar. Gabonetako oporrak arte 2 saio erabili genituen psikomotrizitate gelara joateko eta saio 1 Heziketa Fisikoa lantzeko. Urtarrilean, Heziketa Fisikoko 2 saio egiten hasi gara eta hirugarrengoan psikomotrizitate gelara joaten gara.  

Adin hauetan psikomotrizitateak garrantzi handia du garapen fisiko, psikiko eta soziala ahalbidetzen, errazten eta suspertzen duelako. Bertan sortzen diren mugimenduak, ekintzak, jolasak eta hautemandako plazerra haurraren garapen pertsonalaren gako bilakatzen dira.

Saio hauen helburuak ondorengoak dira:

• Ekintza eta jolasaren bitartez haurraren heltze psikologikoa sustatu eta lagundu. 

• Haurrak bere buruaren ezagutza lortzea bere gorputzaren bitartez.

• Haurrak bere potentzialtasun guztiak garatzea.

• Haurrari guztiz seguru sentituko den gune bat eskaintzea.

• Haurrak sentimenduak, bulkadak edota agresibitatea era sozializatu batean adierazteko aukera izatea.

• Haurra komunikaziorako izaki egitea.

• Haurra izaki aktibo eta sortzaile egitea.

• Haurra pentsamendu logikorako prestatzea.

Irakasleon lana berriz, haurrei entzutea, ziurtasuna ematea, mugak ezartzea eta haurren garapena bultzatea izango da.

Oso kurtso hasiera lasaia, atsegina eta dibertigarria izan da, bai haurrentzat eta baita irakasleontzat ere. Haurrak izugarri gozatzen ari dira eta gu ere beraiekin.

2023/11/12

ESKOLA KIROLA: MENDIZALETASUNA: 2023-11-11: ARANTZAZU-PR GI_3005 GAZTELUAITZ BIRA-ARANTZAZU


           Azaroaren 11n, Arantzazu-Urbia-Enaitz-Arantzazu ibilaldia egitea bazen gure asmoa, eguraldi txarra zela eta ibilbidea aldatu beharra izan genuen, eta Arantzazu-Gazteluaitz bira egin genuen.

Argazkiak ikusita konturatuko zarete ez ginela damutu aldaketa egiteagatik, udazkenean basoa zoragarri egoten baita. Halaxe azaldu zitzaigun natura, urtsua eta kolorez beteta. 

Egun aproposa taldean bisita egiteko basoari.

Animo eta mendizaletasunean hartu parte 

Hauspoa hustu, ongizatea puztu!

(Egin klik goiko argazkian denak ikusteko)


2023/10/19

SURF: 2023-2024: 6 MAILA

 

"Itsasoko olatuek..." harrapatzen ibili gara iralearen azken astean eta urriko lehenengoan, hori baita surf egitea.

Nola harrapatu olatuak eta nola oreka mantendu taula gainean irakasten ibili zaigu Surfing Zumaiako Imanol eta beste begiraleak.

Izugarrizko esperientzia izan da. Batzuk hasierako urratsak bazekiten, baina, gehiengo batentzat lehen aldia izan da, eta asko disfrutatu dugu lagunen artean surfean.

Primeran pasatu dugu!

ARGAZKIAK:

LH6A

LH6B

LH6C

LH6D

2023/10/15

ESKOLA KIROLA: MENDIZALETASUNA: 2023-10-15: FINALISTA EGUNA-ORDIZIA


Urriaren 15ean, Ordiziko herrian bildu ginen 500 pertsona inguru mendizaletasuneko Finalista egunean parte hartzeko.

Eguraldi onarekin eta parte hartze jendetsuarekin, Herri Eskolako 27 ikasleek eta 21 gurasok, Oiangu mendiaren inguruan pasatu genuen goiza.

Dena primeran atera zen; naturan eta lagun artean gozatzeko aukera izan genuen.

Animo eta Mendizaletasunean hartu parte.

Hauspoa hustu, ongizatea puztu!

(Egin klik goiko argazkian denak ikusteko).

2023/09/20

ESKOLA KIROLA: MENDIZALETASUNA: 2023-09-16: TRINTXERA-HERNIO-ETUMETA

Irailaren 16an, Eskola Kiroleko Mendizaletasun kanpainari eman genion hasiera. Ohikoa denez, irailean, Hernioko erromeria izaten da, eta aparteko giroa egoten da Zelatunen.

Aurten, Trintxera-Hernio-Etumeta ibilbidea burutu genuen eguraldi zoragarriarekin eta giro bikainarekin.

Animo eta mendizaletasunean hartu parte....

Hauspoa hustu, ongizatea puztu!

(Egin klik goiko argazkian, denak ikusteko)