2013/03/19

ESKALADA 5. MAILA 2013

Ikastetxeko egitarauaren barruan, urtero-urtero, 5. mailakoak eskaladan aritzera joaten dira Oriora. Kirol honen hastapena da besterik ez, baina Mendiko Federazioko monitoreekin hainbat gauza ikasten dituzte: nola egin eskaladako korapiloak, arnesak nola jarri, nola heldu eta gora egin horman... Benetan, goiza pasatzeko egun aproposa izaten da. Badira urte batzuk Federaziotik Zumaiako kiroldegiko rokodromoa desegokitzat jo zutela, eta aukera bakarra, hemen inguruan, Oriora joatea izaten da, beraz hara joan eta paretean zintzilika han ibili ginen. Esperientzia oso polita eta aberasgarria!

2013/03/14

IBILALDI NEURTUA ORIO 2013

Joan den igandean, martxoak 10, Oriora joan ginen Zumaiako Herri Eskolako 26 haurrekin ibilaldi neurtuan parte hartzera. Eguraldi bikaina izan genuen, baina oso ibilbide gogorra iruditu zitzaigun haurrentzat. Batzuek ondo egin zuten, baina beste batzuei hurrengo baterako gogoak kendu zitzaizkien. Hala eta guztiz ere, goiza pasa genuen eta argazkietan pozik azaltzen dira.

2013/03/13

HERRI KIROLAK 5-6 MAILAK 2013

Herri Kiroletako Federaziotik eskaera jaso genuen ordutegi barruan alebinekin gureak diren kirolak lantzeko. Hasiera batean Gorputz Hezkuntzako orduetan egiteko ziren, baina ordutegia ez zetorren bat, eta azkenean tutoreen laguntzarekin aurrera eramatea lortu genuen. Gure betiko kiroletan aritu eta gehiago sakontzeko federazioak irakasle bat bidali zuen, eta martxoko lehen asteetan hor ibili ziren sokatiran, txingak eramaten, giza proban, lokotx edo makila bilketan... Hemen duzue argazki sorta.

ZUMAIAKO HERRI KROSA 2013-02-16

Otsailaren 16an Zumaiako kaleak korrikalariekin bete ziren. Ez dago adinik saltaka egiteko, eta egun horretan gutxiago. Hasi txikiengandik (aurrebenjaminak: 1-2 mailetakoak), guraso edo heldu baten laguntzarekin; ondoren, nagusiagoak (benjaminak: 3-4 mailetakoak; gero, alebinak (5-6 mailetakoak) eta nagusiagoak. Beheko Plaza irteera eta bukaera izanik, eta sailkapenak alde batera lagata, hor ibili ziren beren indarrak neurtu nahian. Hona hemen argazkietan ikusteko aukera. Animo eta datorren urterako entrenatu!

2013/03/12

IGERIKETA 3. MAILA 2012-2013

4. mailakoen ondoren, 3. mailakoen txanda iritsi zen igeriketako ikastaroan. Azken hauek nola ibili ziren lekuko dira argazki hauek. Urtetik urtera haur hauek jarraitu dituenak badaki gehienek nolako aurrerapena izan duten bere igeriketa mailan, nola kendu dituzten beldurrak urari, eta ze konfidantza irabazi duten, ez bakarrik igeriketan, baizik eta pertsona bezala. Animo denoi!

2013/03/01

IGERIKETA 4. maila 2012-2013

Hemen uzten dizkizuegu 4. mailako haurren igeriketako azken argazkiak. Lau urtetan Lubaki kiroldegian txipli txapla ibili dira igerian ikasten eta jolasten. Eskola kiroleko jarduera honekin haurrek igerian ikasteaz gain hainbat helburu lantzen dituzte: koordinazioa, autonomia, autokontrola, arnasketa...
Eskerrak eman nahi dizkiogu alde batetik Foru Aldundiari horrelako kanpainak bultzatu eta ordaintzeagatik; beste aldetik, Lubaki kiroldegiko  igeriketako irakasleei beraien lana eta pazientzaigatik.