2014/06/22

URPEKARITZA 6. MAILA 2013-2014

Ekaina iristen denean, 6. mailakoek badakite Lubaki igerilekuan hitzordua daukatela herriko urpekaritzako taldekoekin. Aurten ere, ekainaren 4an, 5ean eta 6an, aukera ezin hobea izan dute kirol honen oinarrizko teknika eta trebetasunak ikasi eta lantzeko argazkietan ikusten den bezala: urpean ibiltzeko materialari buruzko azalpenak, uretan materialarekin ibiltzen ohitzea, aire konprimituzko tresnei buruzko azalpena: segurtasun arauak, eta tresna horiekin uretan sartzea. Primeran pasa zuten!

2014/06/07

AKROSPORT: 5 eta 6. MAILAK 2013-2014

Izen horrekin batek baino gehiagok galdetuko duzue zer den Akrosport? Hitzekin azalduta esan genezake koreografia akrobatikoak direla; baina inor ikaratu gabe, eta zer den irudietan ikusteko hor doakizue aurten 5. eta 6. mailako ikasleekin egindako akrosport argazkien sorta. "Kirol" honetan figurak egiteaz gain, oso garrantzitsua izaten da talde lana, bakoitzak bere "papera" onartu eta betetzea taldearen onurako.

PIRAGUISMOA: 4. MAILA 2013-2014

Ohitura onak ez direla galdu behar, eta aurten ere iaz hasitako eskola kiroleko egitarauari eutsita 4. mailako ikasleekin Gorputz Hezkuntzako orduetan piraguismoko 2 saio egiteko aukera izan dugu.
Josu Ansola ikasle ohia eta piraguismoko monitorea hor ibili da gure ikasleei piraguaren mundu zoragarri eta erakargarri hau hurbiltzen: nola heldu pala, piraguaren zatiak zeintzuk diren, segurtasun neurrien garrantzia... eta hau dena praktikan jarrita Urola ibaian zehar. Eskerrik asko eta datorren ikasturtea arte.