2018/12/21

IGERIKETA- 2. maila

Lehen hiruhilekoan 2. mailako haurrak ibili dira jo ta ke uretan. Gustora ibiltzeaz gain, izugarri ikasi dute eta beldurrak gainditu dituzte. Hor dituzue argazkiak.


2018/12/16

2018-12-15 ELOSUA-IRIMO-STA. BARBARA (URRETXU)

Gabonetako oporrak gainean, eta aurtengo azken mendi buelta Irimora egin genuen. Hain zuzen ere, Elosuatik abiatu, Irimoren gailurra zapaldu eta Sta. Barbara (Urretxuko) baselizara jaitsi.
Argazkietan ikus dezakezuen bezala, oraingo honetan, eguraldiak ez zigun gehiegi lagundu; baina, hala ere, 30 haur inguru eta ia beste horrenbeste heldu bildu ginen.
Basa ugari, baina gustura, lagun artean egun polita pasatu ondoren. Gailurrean jaiotza eta Olentzero berezi xamarrak ikusteko parada izan genuen. Animo eta ea 2019an jende gehiago animatzen den irteeretara!

2018-10-21 FINALISTA EGUNA (AMASA-VILLABONA)

Udazkenean sartzearekin batera Finalista Eguneko irteera izan genuen. Oraingo honetan, Amasa-Villabonako mendi ingurua ezagutzea suertatu zitzaigun; eta, nahiz eta, bete-betean sartuta ez egon, jada, mendian udazken koloreak ikusteko aukera izan genuen. Berriz ere eguraldia portatu zen eta egun zoragarria igaro genuen naturarekin gozatzen lagun artean.
Gogoratu finalista izateko, aurreko ikasturtean 6 gailur eta Ibilaldi Neurtua eginda eduki behar direla; edota, 8 gailur.

2018-09-29 ANDAZARRATE-HERNIO-TRINTXERA

Ohikoa den bezala mendizaletasunari hasiera emateko Hernio igotzera joan ginen Iraila bukaeran. Aurten Andazarratetik abiatu eta gailurra zapaldu ondoren, Trintxerara jaitsi ginen, Errezil ingurura.
Eguraldia ezin hobea izan genuen, eta aldapa gora zaldiek ere gurekin egin zuten bidearen zati bat. Ohiturari jarraituz, gailurra baino lehenago dagoen mendatean geldiunea egin, eta gorputza burnien barrutik pasatu genuen, osasuna eskatuz. Gailurrean mokaua jan eta Trintxerara. Egun ezin hobea igaro genuen lagunen artean!

2018/10/12

URTEKO KIROL PLANA 2018-2019

Kirolarekin gozatzeko eta lagunak egiteko, 2018-2019 ikasturte honetan ere kirol eskaintza anitza prestatu dugu: Urteko Kirol Plana 2018-2019. Eskola kiroleko egutegia azken urtetan saskibaloiarekin hasi bada ere, aurten eskubaloiarekin hastea erabaki da. 
Beraz, animatu eta aukeratu zure kirol gustukoenak edo beste batzuk ere probatu.
Aupa kirolzaleak!


 

2018/06/19

2017-2018 PIRAGUISMOA 4. MAILA

Ekaina iristen denean, 4. mailako ikasleok hitzordua daukagu soinketako orduetan piraguismoarekin. Aurten ere, Juleren eta Liberen gidaritzapean eta Jonen laguntzarekin, hor ibili gara piraguismoko oinarrizko teknikak ikasten eta praktikatzen ibaian gora eta behera. Oso ongi pasatu dugu! Eskerrik asko!
Horren lekuko argazki batzuk eta gela bakoitzeko bideo txiki bana.

2018/06/13

GORPUTZALDIAK: KONFIANTZA 2ºA 2017-2018

Iazko ikasturtean, Gorputzaldiak egitasmoaren barruan enpatia giza-balioa landu genuen. Aurtengoan, Konfiantzaren txanda izanda. Ikasleek konfiantza beraien hitzekin zer den esateko orduan, gehienek beste norbaitengan segurtasuna edukitzea dela aipatu zuten; hori horrela izan da ere, bakoitzak beregan duen segurtasuna, edo bere gaitasunengan sinistea delakoari garrantzia eman nahi izan diogu.
Hor dauzkazue jolasen bidez landutako laburpenak. Talde eta ikasle bakoitzaren sormena aske utzita oso ondo pasatu genuen!

GORPUTZALDIAK: KONFIANTZA 2ºB 2017-2018

GORPUTZALDIAK: KONFIANTZA 2ºC 2017-2018

GORPUTZALDIAK: KONFIANTZA 2ºD 2017-2018

2018/06/02

Zestoa - Zumaia

Gaur izan da Eskola kiroleko aurtengo ikasturteko azkenengo irteera. Eguraldi zoragarriak lagunduta, gustura egin dugu ibilbidea lagun artean. Partaidetza azpimarratzekoa izan da, 105 pertsona inguru joan gara.
Datorren ikasturtean gehiago izango ditugu, jada prestatzen hasi dira eta.

https://photos.app.goo.gl/25flD5WouIJM26Yi1


2018/05/05

Araotz - Aitzulo - Orkatzategi

Ibilbide zoragarria izan da gaurkoa. Eguraldi aparta eta lagungiro ezin hobea. Bi autobusetan joan gara 88 pertsona, haur eta heldu. Araotzetik abiatuta gora ta gora egin dugu Aitzulora iritsi arte. Bertan, arnasa hartu eta argazkiak ateratzen geratu gara naturako opari honen aurrean. Pixkat gorago, hamaiketakoa egin eta berehala Orkatzategi tontorrera heldu gara. Mokadu bat hartu, argazkiak atera, paisaiaz gozatu eta behera egin dugu. Ibilbide zirkularra eginez Araotzera jaitsi gara, bertan bazkaltzeko. Ondoren Arrikrutz koba ikusi dugu eta asko gustatu zaigu. Egun ederra!!!


2018/03/27

ESKU PILOTA GORPUTZ HEZKUNTZAN: 6. MAILA

Otsaila eta martxoaren bitartean, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko begiralea den Iraitz Olaetxea etorri da Zumaiako Herri Eskolara, 6. mailako ikasleekin pilotako Unitate Didaktiko bat praktikan jartzera (5 astetan zehar, astean ordubete + eskulanetan bakoitzak bere pilota egiteko ordu eta erdiko beste saio bat). Beraiek dioten bezala, “unitate honekin ikasleak pilotara hurbiltzea izan da helburu”. “Pilotaren aukera ugarien berri eman; ondoren, beraien kabuz herriko txoko eta frontoietan  jolasteko.
“Behin esku pilotako edukiak landuta erremintak probatzera pasatu gara: pala eta xistera”.
Eskerrik asko Iraitz hain jolas politak eta denentzako erakargarriak erakusteagatik!



2018/03/11

IBILALDI NEURTUA ORIO

Gaur Orion elkartu gara gure eskualdeko ikastetxeetako hainbat haur eta heldu ibilaldi neurtuan parte hartzeko. Orioko ikastolatik atera gara, Kukuarri tontorra egin ondoren berriro herrira jaitsi gara. Egualdia lagun izan dugu eta primeran ibili gara lagun artean.

 https://photos.app.goo.gl/Ro2Q8c1gsjnYDT402

2018/02/20

2018 ESKALADA 5. MAILA

https://photos.app.goo.gl/HxWRShsAJ0mFGkLY2
Martxoaren 14an, 15ean eta 16an, 5. mailako ikasleok Orioko "Karela" kiroldegira joan ginen Eskalada kirola ezagutu eta pratikatzea. Bertan, Gipuzkoako Mendizaletasun Federazioko teknikariek Eskaladaren hastapenak irakatsi zizkiguten: "Aisiarako jarduera gisa eskaladaz gozatzea segurtasun osoarekin, oinarrizko korapiloak praktikatuz Boulder eta rapelaren hastapena" helburuarekin, eta baita lortu ere, hasierako beldur apurrak kenduta gora eta behera jardun genuen gure gaitasunak frogatu eta konfiantza irabazten. Oso ongi pasatu genuen!
Horren lekuko hor daukazue argazki sorta. Egin klik goiko argazkian.

2018/02/15

EKOSISTEMA HEZITZAILEA

Gure Ekosistema Hezitzailean, beste edozein ekosisteman bezala elikatzen eta garatzen joateko, osagai guztien elkar laguntza eta kooperazioa ezin bestekoa da. Oraingo honetan 6. mailako ikasleei erronka bat jarri genien, denbora jakin batean eta denen artean burutu behar zutena. Hainbeste ikasle denbora gutxitan elkar ulertzea, koordinatzea eta kooperatzea ez da erraza, eta beraiek bakarrik begira zer lortu zuten idaztea: Ezetz asmatu!

2018/01/29

ERRONKA MOTOR KOOPERATIBOAK

                                                                           
Zumaiako Herri Eskolako ardatz pedagogiko bat Lankidetza edo Kooperazioa da.  Gure Ekosistema Hezitzailearen sustraietako bat, hain zuzen ere. 
Lankidetzan aritzeko estrategia metodologiko ugari daude, eta horietako bati buruz jarduten dugu artikulu honetan: Erronka Motor Kooperatiboak.
Aurten, Erronka Motor Kooperatiboen saio batzuk burutu ditugu  6. mailan, eta gure asmoa da, orain arte, saio batzuetan banaka batzuk sartzen bagenituen, ikasturtetik ikasturtera Lehen Hezkuntzako maila bakoitzarentzat Erronka Kooperatiboekin osatutako unitate didaktikoak sortzea.  
Zer esanik ez dago, estrategi metodologiko honekin (Arazoen ebazpenak) azaltzen zaizkien arazoen aurrean, soluzioak lankidetzan jokatuta bilatu eta aurkitu behar dituztela. Horrekin batera oinarrizko zeharkako konpetentziak landuz, eta arloko konpetentzia motorra ere.